XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) baina gehienetan latza egiten zitzaion urruntasun hura, are eta latzagoa horrelako baldintzak suertatzen zirenean.

Gasteiz parean, errepidearen ertzean lerrokatzen diren farolen argitara gertatu da agerpena: txupa eta galtza beltzez jantzitako neska bat da, euritako gorri baten azpian auto-stopean ari dena.

Urte asko dira inor jaso gabe, baina instintiboki frenua zapaldu du, leunki lehenbiziko ukituan eta gogor jarraian, neskagandik bi metrora zegoen putzutik bete-betean pasaz eta ondorioz neskaren larruzko galtzak busti-busti eginda utziz.

Alberto, neska kotxera hurbildu bitartean leihoa ireki gabe mantendu da segundo batzuetan, ustekabea dela eta nahiko aztoratua.

Begira nola utzi nauzun, txo! bota dio aurpegi gazte batek irribarretsu, leihora ordurako erdi-irekita iritsi denean.

Gidariaren erreakzioari itxoin gabe, Mugara! gehitu du segidan, norabidea eskuarekin seinalatuz.

Albertok, arrazoi jakinik gabe, bakarrik Tolosaraino eraman dezakeela esan, eta neskak bizkarra harrotuz bale etsi batez erantzun dionean atea ireki dio, atea baino zerbait gehiago irekitzen zion sentsazioarekin.

Kotxean sartu bezain pronto, Alberto desenkusatzen hasi da putzuko hankasartzeagatik, baina ez, txo, lasai, lehendik ere busti-busti eginda nengoen erantzun axolagabea jaso duenez, ez du jarraitzeko beharrik ikusi.

Jarlekuan eserita, ze pasada...! esan eta isilik geratu da neska denbora luzean, aurrera begira lasai ederrean, (...)